XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pagoaren edertasun eta aberastasuna

Oparotasunean zuaitz bat nabarmentzen baldin bada gure basoetan orixen da pagoa; Euskal lurretan naiko bakandu badute ere arbol mota au, oraindik oian zabal bikaiñak gordetzen ditugu nola egoaldean ala iparraldean.

Pagadi ezagun eta berdingabe batzuen izenak aitatzea gustatuko litzaidake: Valderejo, Altube eta Sierra de Cantabria Araban; Aitzgorri eta Lizarrusti Gipuzkoan; eta Orreaga, Aralar, Urbasa, Txamantxoia eta Iratiko oiana Naparran.

Esan detanetan aipagarriena Iratikoa ezpairik bage.

Iratiko basoan zuaitzai dagokienez aritzak, gorostiak, altzak, agiñak, ezkiak... eta abar izan arren orko jaun eta jabea pagoa da; Europa maillan Oian Beltza (Selva Negra) aurrena da zabalera aldetik baiña bigarrena Iratiko pagadia da (6.520 Ha.).

Ikaragarria benetan! Bertan urtetan ondo sartutako aleak ikusi ditzakegu, luzeran 44 m arrapatzen dituztenak lurretik alajainkia! Ortaz gaiñ oso ondo zainduta dago oiana eta orrela darraiela mendetan zear.

Pagoa, Fagacea sendin barruan kokaturik dago, bere kidekoak gaztaiñondo, arte, aritz eta tortotxondoak dira.

Bera azitzen dan ingurua oso ezea da or nekez sortzen dira belarrak, goroldioa ezekiz tamañan datorkiolako ezetasuna.

Zuaitz onek iritxi dezake 30 eta 40 arteko luzera eta enborraren azala leuna da, gris margokoa urtekin galtzen eztuna.

Itzal edo gerizpe aundiko arbola da eta ostoak erorkorrak ditu, ostoekin batera lore ar eta emea sortu oi dira eta andik igalia edo fruitua pagotxa deritzaiona etortzen zaio, basopiztiak asko estimatzen dutena.

Gure lurraldean pagoetan bi klase bereixten ditugu: Pago-lizarra kimatu edo iñausi gabeko pagoa da, erraldoia izan diteke errez ikusi ditezke Iratin eta Oltzaurteko alderdian (Iparraldean).

Bigarren mota Pagomotxa gizakiak bere onerako naita kimatua izan dana; edo ikatza egiteko edo egur bear zula etxeko surtako... Atzeneko ontan bi klasetan bai dala arrigarria zer erabillia dan arbol au gizon-emakumeen mesedetarako.

Ekologikoki pagadiak paper garrantzitsu bat jokatzen dute gure ludia edo munduaren iraupen ortan, babesa eta batez ere jatekoa ematen baitizkie zenbait bizidunai.

Adibidez, artza, basakatua, lepaoria, azaria, erbiñudea, oreiña, orkatza, basurdea, lepazuria... Oietako geienak pagoaren enbor zuluetan gordelekua dute beren umealdiak izateko.

Obekin batera beste animali txikiagoak ibiltzen dira esate baterako satorra, sataiña, sagua, satitsua... orbelan izkutuan ederki eta nai duten bezela bizi dira. Laburki erranda pago-basoa da bizitzaren eremu bikaiñ bat.

Udazkena ere eldeku zaio pagadiari eta onekin batera ostoa galtzen joango da margo edo kolore berexi bat emanez, kolore leun gorrixka orbelak eragiten diona pagadiari eta gu mendira alderatu eta gero lilluratuta geratuko gera ikuskizun au dastaturik.

Bestetik, bere zabaltasunean pago-basoak pakea dario bere barnetik, eta era berean zorion kutsu bat.

Bukatzeko gogora etorri zait esaldi esanguratsu bat gure baso-mutillak esaten zutena orrelako (pago) arbol bat botatzeko orduan: guk botako zaitugu eta barkatu iguzu.